Begiradak: Arrail digitala herrien arteko haustura

2005/11/12

Arrail digitala herrien arteko haustura


Aste honen zehar ospatu da Bilboko Euskalduna Jauregian “Arrail digitalaren aurkako Munduko Goi-bilera”. Ehun bat herrialdetako hiri eta eskualdeetako 2.000tik gora delegatuek parte hartzeko ziren Informazioaren Gizarteari buruzko Hiri eta Agintari Lokalen Munduko II. Goi-bilerako jardunaldi horietan, pobrezia murrizteko Internet erabiliko duen ekintza plan bat definitzeko.
NBE (Nazio Batuen Erakundea) eta Eusko Jaurlaritza izan dira egitasmo honen sustatzaile nagusiak. Teknologia berriak erabiltzeko aukera eskubide unibertsala izanik inork ezin du bazterturik geratu, eta horregatik, hauen ustez, ahalegina egin behar da teknologia berriek dakartzaten aukera kultural eta ekonomikoak pertsona orori zabaltzeko. Hala ere, errealitateak islatzen digun haustura digitalaren gordintasuna kontuan hartzekoa da: egun, Interneteko erabiltzaileen %80 herrialde garatuetan bizi da eta munduko gunerik behartsuenetan sarearekin konekzioa lortzeko aukera amets hutsa da. Begi bistakoa da herrien arteko eten digitala Francis Pisani-ren “Las cifras de una vertiginosa vida digital” artikuluak erakusten dituen datuen arabera.

Elkartasun digitala nazioarte osoan bultzatzeko beharra dagoela gaineratu da jardunaldietan. Erakunde lokalak haustura digitalaren kontrako ezinbesteko dinamizatzaileak direla mahaigaineratu da -hiri eta eskualdeetako ordezkariak lekuan bertan lan egiten dutenez hurbiletik ezagutzen dituzte hiritarren premiak-.

Jardunaldi horietako Kultura eta Nortasunari buruzko tailerrean teknologia berriek herri eta hizkuntza gutxituetan duten eraginaz mintzatu zen. Harrigarria zaigu, horrexegatik, 2005-11-11ko Berria egunkariko "Teknologia berriak eta herri eta hizkuntza gutxituak" artikuluak tailer horretaz zekarrena: “teknologia berriek herri eta hizkuntza gutxituak suspertu bezala, desagerraraz ditzaketela azaldu zuten, eta gakoa informazioaren gizartean txokoa aurkitzean dagoela. Euskarak, ordea, ez du txokorik izan Bilboko jardunaldi horietan, tailerrean egindako mintzaldiak erdaraz izan baitira, eta euskarazko itzulpenik ez baitute eskaini”. Honek gogora dakarkit Jose Ramon Etxebarria fisika irakasleak “Euskaldunok nazioarteko ekitaldian” izenburuaz idatzi zuena: “Einsteinen omenezko hitzaldi gehienetan egon naiz, eta etxean sentitu naiz, zinez errespetatua euskal hiztuna naizen aldetik”.

1 Komentarioak:

  • Teknologia berriak herrialdeak hurbiltzeko daudela entzun dut, pertsonen artean ezberdintasunik ez egoteko, baina... Zein herrialdeen artean ezberdintasunik ez egoteko? Zein pertsonen artean? Nikaragua eta A.E.B.en artean inolako ezberdintasunik ez egoteko?
    Ez dut uste, kontutan hartu behar dugu Internetera egiten diren konexio gehienak lurreko ipar hemisferiotik egiten direla eta oso gutxi hego hemisferiotik. Gainera, teknologia berriak hausturak sortzen dituzte hego hemisferioko lurraldeen artean eta kriston ezberdintasunak ikusten dira, hau da, nazio baten barnean, bi hemisferioak ikus ditzakegu, pobreak direnak eta aberatsak edo eta, teknologia berriak erabili ahal dituztenak eta ez.
    Gauza bera gertatzen da hizkuntzekin, ea informazio gehiena ingelesez dago. Zer egiten dute informazio hau jasotzen ez dutenek hizkuntza hori menperatzen ez dutelako?
    Beraz, teknologia berriak, kasu honetan Internet, hurbildu baino, banatzen gaitu. Pobre eta aberatsen arteko diferentziak nabarmentzen ditu, baita hizkuntzen arteko ezberdintasunak ere.

    By Blogger Naiara Del Olmo, at 9:16 a.m.  

Post a Comment

<< Home