Begiradak: Curriculum propioa ingurune hurbiletik aberasten

2005/11/17

Curriculum propioa ingurune hurbiletik aberasten


Bilboko Magisterio Eskolako Iñaki Gaminde eta Begoña Bilbao irakasleek joan zen ostiralean Lezaman aurkeztu zituzten “Lezama Gure Herria Gida didaktikoa” eta “Lezama gure herria CD-ROM-a” izeneko eskola materialak. Ekimen hau Zorrizketan Lezamako Euskara Alkarteak bultzatua izan du eta Lezamako Udala, Labayru Ikastegia, Bizkaiko Aldundia eta Mendebalde Kultur Alkartea izan ditu bidelagun.

Lezama herriko toponimia lantzeko materialak izanik, CD batean aurkezten da Lehen Hezkuntzako 6 urtetik 12ra bitarteko eskolako haurrek garatzeko zenbait ekintza. Edukia antolatzeko orduan, hots, herriko etxeak, baserriak, auzoak, basoak, iturriak, mendi tontorrak... izendatzerakoan, Bidart eta Etxebarria lezamatarren Lezamako Toponimia lanean oinarritu dira CD-aren egileak. Horrela, hortik abiatuta, Gaminde eta Bilbao ahalegindu dira Ingurunearen ezaguera eskola arloak biltzen dituen ingurune hurbileko ezagutzak ikasleen eskura jartzen, baina, ez edonola, haurren herriko euskararen ahozko adierazpenarekin bat eginik baizik.
Eskola erabilera errazteko haurrentzako jarduerak HTML eta KLIK programak erabiliz aurkezten dira. Horrela, CD-an agertzen dena -testuak, irudiak (argazkiak, marrazkiak, bideoak, mapak eta planoak ) zein audio seinaleak (soinuzkoak eta bideozkoak)- modu errazean aurkezten zaio erabiltzaileari, haurrari zein irakasleari.
CD-a erabiltzeko urrats teknikoak irakasleei eskaini egiten zaizkie Gida didaktiko izeneko liburuxkan. Bertan ere, beronen eskola erabilerari buruzko zenbait oinarri pedagogiko agertuz gain, haurrek burutu behar dituzten CD-ko edukiak zehazten dira.
Egileek gida didaktikoaren sarreran azaltzen dutenez materiala hau burutzean honako bi helburu izan dituzte irizpide:
Batetik, hizkuntza ereduen arteko diglosia irazia gainditzea: Bertako euskara (ahoz esandakoa entzuten dena), eredu literario (izenen forma normalizatua) eta euskara batua (CD-an agertzen diren azalpen-testuetakoa) erlazio dinamikoan aurkeztea, ahozkoari eta idatzikoari garrantzi berdina ematen.
Bestetik, eskola curriculum propioa gauzatzeko teknologia berriek ekarri dizkiguten ekarpenak erabiltzea.

Toponimaren normalizaioarako eta memorio historikoaren sustapenerako herri ondasun hauek biltzeak duen meritua baztertu gabe, guri bereziki interesatzen zaigu euskal irakaskuntzaren ikuspegitik materiala hauen izaera didaktikoa. Bereziki azpimarratzen dugu material hauek tokian tokiko eskola curriculum propioa gauzatzeko ezinbesteko baliabideak direla. Horrexegatik, zorionak ekimen honetan parte hartu duten guztiei!

0 Komentarioak:

Post a Comment

<< Home